XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Artearen teoria

Artea definitzeko zailtasunak

Artearen definizioak eztabaida ugari sortu du historian zehar. Artearen historia aztertzen badugu, garai desberdin bakoitzak arteari buruzko bere definizioa erabili duela ikusi ahal izango dugu.

Baina artea edertasunarekin eta formarekin identifikatu duen definizioa izan da historian zehar garrantzi eta eragin handiena izan duena.

Teoria klasizista izan da hori, artea sortu zenetik ia gaur egun arte nagusi izan den teoria.

Honen arabera, artea formarekin identifikatzen da eta garai bakoitzeko edertasun-ereduen arabera artistikotzat hartzen diren objektuez arduratzen da artearen historia.

Honela, bada, garai desberdin bakoitzak bere artearen historia izan du, aldian aldiko edertasun-kontzeptu desberdinaren arabera.

Gaur egun erabat aldatu da artearen kontzeptua.

Orain egiten den artearen historia ez da lehen egiten zena. Adibidez, arte garaikidean garrantzitsuena ez da forma, obra bera, artista eta bere ideia baizik, edukia, beraz, artearen subjektibotasunaz ari gara.

Horrela, historiografia klasikoak artistikotzat hartu ez zituen materialak erabiltzen dira gaur egun artea egiteko (lastoa, burdina, hondakinak, etab.); zenbait lanetan forma desagertu ere egin da eta akzioa, edukia edo irudia baino ez da geratu.

Artearen autonomiari dagokionean ere beste horrenbeste gertatzen da.

Orain arte, funtzionaltasunari, gai bati eta egoera zehatz bati (enkarguak, dirua, etab.) loturik agertu da beti artea; gaur egun, ordea, artea eta artista autonomoak dira, bere subjektibotasunari erantzuten diote.

Orduan, zer da artea? Esan dezakegu gizakiak artetzat daukan oro dela artea, beraz, zaila da gaur egun definizio bat ematea, nahiz eta guztiok argi eduki artea gure gizarterako garrantzitsua dela.

Horregatik, gaur egun, artearen historia gehiago da gustuen historia, historiako gustu desberdinena, objektu artistikoen historia baino.

Beste garai batzuetako gustuak ulertzea da gure helburua, baina ez atsegin edo jakin-minagatik soilik, baita geure gustua sortzen saiatzeko ere, gure errealitatearen balio artistikoa estimatzen eta juzgatzen lagunduko digun iritzi kritikoa sortzen, alegia.

Sailkatzeko erak

Artearen definizioaz gain, hau sailkatzeko erak ere eztabaida anitz piztu du, ekintza artistikoa ulertzeko elementu garrantzitsua baita hau ere.

Ohikoa izan da artearen historian estiloen araberako sailkapena egitea.

Artean funtsezko eta beharrezko elementua da estiloarena, forma artistikoak taldetan biltzen laguntzen duelako, hobeto aztertu ahal izateko eta, gizartearen gustuaren eboluzioaren ondoan, izan duten bilakaera ikusi ahal izateko.

Hebe, Thorwaldsen-ek egina. Edertasuna eta forma ulertzeko teoria klasizistak duen era zuzen-zuzenean dago loturik arte grekoari eta erromatarrari. Eskultura hau adibidez, orduan egina dirudien arren, XIX. mendeko daniar batek egin zuen.

Ezaugarri artistikoak garai historiko zehatz batekin identifikatu dituena izan da irizpide klasikoena, bide batez, ezaugarri horiek beste eratako adierazpenekin erlazionatuz.

Teoria hau jarraituz, beraz, arkitektura barrokoaz, pintura barrokoaz edo literatura barrokoaz hitz egin daiteke, aztertzen dugun garaiaren arabera. Alabaina, tesi honek ez ditu argitzen estiloen bilakaera- eta desagerpen-prozesuak, artelan guztiek ez baitiote erantzuten estilo bakar bati.

Baina teoria gehiago ere izan dira. Hauetako batek aldaketa teknikoekin identifikatzen ditu estiloak, nahiz eta teknikak errepikatu zireneko garai asko justifikatu gabe uzten dituen.

Sailkapen klasikoa alde batera utzita, arrakasta gehien izan duena biologikoa edo psikologikoa izan da.

Honen arabera, estilo baten forma artistikoa jaio, garatu eta, akitu ondoren, bukatu egiten da.